XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) indarrean dauden sistema zaharreko eta sistema berriko irakasmailak batera erabiltzea erabaki dugu.

Hala ere, zenbait kasutan materiala sistema zaharreko irakasmaila baterako soilik proposatzen zenean irakasmaila hori mantentzea erabaki dugu, nahiz eta jadanik indarrean egon ez.

Ondorioz, ikasmaterial bat bakarrik sistema zaharreko eran sailkatuta etorriko da, edo zaharrera eta berrira, edo bakarrik berrira.

Diseinatu edo prestatu den unearen arabera gertatuko da hori.

Horren argibide zabalagoak dituzu Bilduma nola erabili izena daraman hurrengo atalean.

Eskuetan duzuen argitalpen honetan espero izatekoa da hainbat zehazkabetasun, hutsune eta desegokitasun suertatzea. Euskara Zerbitzua arrisku horren ondo jakinaren gainean dago;

eta, ondorioz, sor litezkeen eragozpen eta behaztopoengatik aldez aurretiko bakarmena eskatzeaz gainera, garbi azaldu nahi du lehen unetik oso begi onez jasoko dituela liburu honen edozein erabiltzailek, banaka edo taldeka, bere hobekuntzarako egin nahi lizkiokeen ohar eta emendioak.

Lana ez da, dena dela, hutsetik abiatu.

1. bilduma prestatzerakoan saio luzea egin zen ikasmaterialen sailkapen-taulen prestakuntzan, kodegintzan eta material-bilketan; horren jarraipena da oraingo hau.

Bukatzeko, ohar bat egin beharrean gatzaizkizu: liburu honi probetxu osoa atera nahi badiozu, irakurri ondoren datozen puntuok:

II. Informazioa nola lortu da
III. Bilduma nola erabili behar da
IV. Hemen zehaztutako softwarea nola lortu

II. INFORMAZIOA NOLA LORTU DA

Oraingo bilduma honen iturburu nagusia bista-bistakoa da: duela bi urteko katalogoa.

Han jasotako informazioan oinarritzen da, alegia, oraingo azalpenaren muin nagusia.

Muin hori aldatu egin behar izan da, jakina, punturen batean edo bestean: software-programa bakoitzaren salneurrian, besteak beste.

Hainbat material berri sortu denez, fitxa berri asko sartu behar izan da, dena dela.

Eta hori, prezio-eguneratzeaz gainera, lan luze samarra izan da.

EIMA programak bere artxiboetan bildurik duen informaziotik abiatuta, produktore desberdinei material-unitate horiei buruzko datuak osatu, zuzendu eta eguneratzeko eskatu zaie.

1995eko ekain-azaroetan bideratu izan da, batez ere, fase hori.

Produkzio-etxe gehienek erantzun dute, eta haien argibide guztiak datu-biltegira eraman ditu Euskara Zerbitzuak.

Nahi baino gehiagotan, halere, erantzun-argibideok osagabeak ziren.

Gida didaktikoaren faltak, edukin-azalpenik ezak edota informazioa erdaraz eman izanak buruhausterik sortu du.

Erdarazko jakiniturrien kasuan, bere kabuz egin du Euskara Zerbitzuak aldian aldiko itzulpena.

Barkatu, ondorioz, hemen ematen den azalpena (bertako terminologia bereziki) gero benetan agertuko denarekin zeharo bat ez badator.

Gainerako hutsarteen kasuan, beste bide bat jarraitu da: programa bera ikuskatu eta laburbilpena egitea.

Programa lortu ez denean bere izenburua eta datu batzuk adierazi dira, gutxienez; Euskara Zerbitzuan jasorik ditugun administrazio-datuez baliatuz (eskabide-orrietakoez, nagusiki), nahiz eta honek ere benetako produktu eginarekin aldeak, txiki edo handi, sortu (...)